Artea etorkizunari botatako begirada bada, arte eszenikoak etorkizun horren aurre-sortze lirateke orainetik eta bertatik bertara. Hamabost urte beteko ditu aurton ACT JAIALDIAk, berrikuntza eta arriskutik abiatuta ernatu berri diren sortzaileak programatzen, hauexek baitira biharko eszenaren agenda markatzen ari direnak.
Edizio honetan Lolita nerabearen mitoa perspektiba berri batetik analizatuko dugu, 92ko Bartzelonara bueltatuko gara hiriaren instrumentalizazioa ikuskatu eta orduko neskatxengan izan zuen eragina jasotzeko, kapitalismoa mamutzar gisa, zurrupatzen gaituen Leviatan lez irudikatzen duen metaforan murgilduko gara edo gure irudiari, gure maskarei egingo diegu aurre.
ACT 2018-k errealitatea kolokan jarriko du, fikzioaren eta materiaren arteko, irudi eta gorputzaren arteko, txotxongiloaren eta eragilearen arteko mugak lausotuko dizkigu. Garaiotan, ez da harritzekoa etorkizuna birpentsatzeko asmoz, sistemari kritika egitea edo eta haren adierazleetariko batzuk berreskuratzea.
ACT JAIALDIA maiatzaren 30etik ekainaren 2a bitarte ospatuko da Bilbo eta Barakaldon. Lau egunez mundu osotik etorritako hamabost eszena-lan inguru; ikastaroak; artisten, programatzaileen eta ikusleen arteko topaketak izango ditugu.

